Larunbat honetan (martxoak 2), arratsaldeko 17:30etan bi orduz irekiko da eraikina, bizilagunak, hastear gauden prozesura batu nahi duzuenak edota jakinminez zaudetenak ere gerturatu zaitezten.
Ez da egun bakarreko gauza izan. Duela ia bi urte egin genuen auzoko gazteen diagnostikoa, eta bertatik ondorioztatu zen (jorratuko digutun aspektuak garatu ahal izateko) leku fisiko propio baten beharra. Irtenbide desberdinak baloratu eta landu genituen urtebetez, eta azkenean, udalarekin elkarlanean, Antiguoko gazteon beharrei erantzungo zien bidea aurkitu genuen.
Ilusioz, hainbat hilabetez udaleko ordezkariekin bildu gara "aurreprozesu" batean murgilduta gutxieneko baldintzak adosteko, baina bertako jarduera eta antolaketari dagokionez dena erabakitzeko dago, eta baita auzolanaren bitartez konpondu eta egokitzeko asko ere.
Hargatik, eta proiektuaren hezurmamitzean Antiguoko gazte guztiok parte har dezagun, hilabetean behin auzolana eta bilerak uztartuko dituzten jardunaldiak antolatuko ditugu Villa Alegrian bertan, larunbat goizetan. Hauek dira behin-behineko datak (aldaketarik balego aurretik jakinaraziko genizueke) eta esan bezala gonbidatuta zaudete. Nola ez, Antiguoko eragileen ekarpenak ere ongietorriak izango dira.
- Martxoaren 23a
- Apirilaren 20a
- Maiatzaren 18a
- Ekainaren 8a
Funtsean, Gaztegunearen kudeaketan, ekintzen antolaketan edota besterik ez bada ere, bertako ekimenetan parte hartu nahi duen gazteen taldea osatzea da bilera hauen helburua, modu asanblearioan eta proposamen guztiak aztertuz ahalik eta proiektu txukun eta zabalena gauzatu dezagun.
Amaitzeko, eskertzen dugu Udalaren prestasuna. Hala ere, horrenbeste eraikin hutsik dagoen arren, hamaika ekimen beharrezko azpiegituren faltan aurkitzen diren honetan, beste auzo eta herritako eragileek ere haien espazio fisikoa merezi dutela uste dugu, autogestioan eta auzolanean oinarrituz, asko baita eskaini dezaketena. Beraz, gure gain hartzen dugu proiektu "esperimental" hau gogoz, ilusioz eta izaera kritikoz lantzeko erantzukizuna eta baita azpiegutarik ez duten eragileei laguntza emateko konpromisoa ere.
Antiguoko Gazteak
No hay comentarios:
Publicar un comentario